Posterrak logelako horman jartzeko zahartxoa banaiz ere, Xalaren baten bila nabil azken egun hauetan. Txapela buruan duena, finala irabazi ostekoa (lagunen beso gainean bere afizioari begira, eskerrak emanez bezala, begian malkoa duela) edota partiduan zehar pare bat aldiz publikoari zuzenduz bi ukabilak estutuz ateratzen den bat. Ez zait inporta zein, baina nahi dut baten bat, herenegungo pilota-partiduak marka guztiak hautsi zituen-eta.
Xalaren aldeko nintzen finalera klasifikatu zen unetik bertatik. Eta noski, Bilduren legalizazioaren osagai guztiak izan dituen aferaren ondoren, partidua nirekin batera ikusi zutenen kalterako, jarraitzaile huts izatetik sofan geldirik egon ezin den forofo izatera pasa nintzen. Bai, aitor dut, nik ere baditut nire flakeziak…
Ondo hasi zen partidua. 5-9 aurreratu zen Xala eta, Olaizolari min egiten jakin zuen arren, joko aldetik biak maila bertsuan ekin zioten norgehiagokari. Baina, erdialdera-edo, Olaizolaren hamar eta hutseko partzialaren ondoren, etsitzen hasia nengoen: alde batetik ahul ikusten nuen Xala eta, bestetik, Olaizolak sakea nabarmen hobetu zuen, hasieran baina askoz ere kontzentratuago zirudien, eta erresto ondoreneko erremateetan Xalak ez zuen zereginik. Panpi Ladutxek ere, berdin: beltz ikusten zuen partidua. Apustuak ere, Xalaren hasierako erreakzioa baretuta, berriro egonkortzen hasi ziren. Pilota-kritiko askok aurreikusitako gidoia betetzera al zioan, orduan?
Ba ez, ez horixe! Gogoa ilun sofan iltzatuta geundenen zorionerako, Hollywood-eko happy end baten itxura hartzen hasi zen partidua. Xala eta bere botilero Zubietaren estrategia aldaketa erabakigarria izan zen horretarako: txokotik hasi zen sakatzen eta, aurrerantzean, hil ala bizi jokatu zuen tanto bakoitza: airez beldurrik gabe sartuz, ezker-gantxo bakoitzean arriskatuz, bai zabalera eta bai txokora eskuin boleak bihurri botaz… Epika zen geratzen zitzaion aukera bakarra, arriskua eta sorpresa, eta, harrigarria baldin badirudi ere, erabaki hori hartu eta dena ongi atera zitzaion. Sofak ipurdia erreko balit bezala egiten nuen salto Lekuindarraren erremate sinestezin bakoitzaren ostean. A ze erritmoa, a ze tanto-amaierak, hura espektakulua! Olaizolak, defentsan onena eman eta erasoan ere fin ibili arren, ezin izan zuen ezertxo ere egin. Irabazi zezakeen era bakarrean irabazi zuen Xalak, eta denoi izugarri gozarazi ziguten biek ala biek.
Merezi zuen txapela. Finala jokatzen duen guztietan Euskal Herriko ama-izeba guztiak Barriolaren alde dauden bezala, oraingoan Yves-en alde sumatu nituen, bai eurak eta baita nire inguruko gehiengoa ere. Borrokatu duen guztiagatik, bai aurreko urteetako banaz banako txapelketetan, bai aurtengo injustiziaren aurka, hirea huan txapela, Yves! Zorionak!!!
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire