mercredi 27 octobre 2010

LA DOLCE VITA


Bart pisukideekin “La Dolce vita” ikusi nuen. 

Irakurtzen hasi aurretiko oharra: haiei ez zaie batere gustatu. Niri oraindik ez dakit gustatu ote zaidan edo ez; horregatik hasi naiz idazten, ideiak ordenatze aldera.

Emakume ederrak eta izenburu bikaina dituen pelikula dela, hori argi dago. Hala ere, eszenek ez dute, lehen begiratuan, lotura zuzenik, eta ulergaitza zitzaiguna esplikatuko zuen pista baten zain egon gara amaierara arte, baina ez da horrelakorik pasa. Azken finean, Marcello-ren ibilera eta bilakaera litzateke Erromako garai hartako farandularen gorabeherei osotasuna emango liekeena: eszena gehienetan paparazzi-en flash sarean bildutako aktoreak, aristokratak eta intelektualak dira protagonista.

Hala ere, gure galderek badute, kritikaren iduriko, erantzun bat, pelikula borobiltzen duen gai bat: inkomunikazioa. Lehen eszena eta azkena ditugu, antza, horren adierazgarri. 

Jesusen estatua bat garraiatzen duen helikopteroaren plano ikusgarriarekin hasten da pelikula. Betaurreko ilun horiekin beti bezain galan eta eder, Marcellok helikopteroaren kabinaren albotik etxeorratz baten azken pisuko terrazan eguzkia hartzen dauden emakume harrituei telefonoa eskatzen die. Helizeen burrunbak, hala ere, ezinezkoa egiten du komunikazioa. Berdin gertatzen da filmaren amaieran, itsasoaren arnasak galarazten baitu zerbitzari gazte ilehoriaren eta Marcelloren arteko hizketa (nire intuizio zinematografikoari jarraitu behar nion kritikak irakurri aurretik, azken eszena eder horri tira eginez hasi nahi bainuen nire iruzkin hau).

Interpretazio posibleak ugariak dira. Agian dekadentziaren alegatu izan daiteke pelikula; beno, alegatu baina gehiago agian dekadentziaren esplikazio edo arrazoiketa (saiakera?) bat. Bikote-erlazioen dekadentzia (Marcello eta bere maitearen artekoa), aberatsen eta farandularen hutsalkeria eta esperpentoa (mirakuluaren absurduaren eszena, aktoreen esanak, paparazzien lana, gazteluko eszena), hezkuntza humanistaren baliorik eza eta familiaren akabera (Steiner-en parrizidioa –egin zuenerako “parrizidioa” ote hitz egokia? Hala esango al da?–, Marcello-k aitarekin duen erlazio hutsala), alkoholez bustitako gau aspergarriak eta Marcello-ren azken erabakia: idazletza utzi eta publizitatearen munduan sartzea (benetako traizioa, bestalde, bere pertsonaian identifikatzen den ororentzat).




Niri, egia esan, filma pisua egin zait hainbatetan, nahiz eta erritmoa galtzen ari diren eszenen ondoren normalean tentsio handiko momentu bat agertzen den, esaterako: aristokrata dekadenteen festaren ondorengo Marcello eta Emmaren disputa.

Denbora amaitzen ari da, ezer garbirik atera al dut? Dekadentziaz eta filmaren izen eta emakume ederrez gain, Fontana di Trevi-ko eszena famatua eta, batez ere, giltzarri iruditu zaizkidan bi momentu musikal iltzatu zaizkit buruan.

Katedraleko eszena lehenik; Steiner, Bach –en Tocata y fuga re menorrean (BWV 565) organoan joz, datorrenaren iragarle zurbil.



Eta, amaitzeko, azken eszenako zerbitzaria ezagutzen duenekoa, oker ez banaiz Caro Diario-ko eszenaren bateko musika ere badena…



Ezin esan, ondorioz, pelikula gustatu ez zaidanik...

Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire