Munduak momentu honetan 6800 milioi biztanle omen ditu, horietatik 800000 euskaldunak, hau da, %0.011765. Egunkariek argitaratutako inkestei kasu egiten badiegu, irakurle potentzial horietatik demagun %55ak irakurtzeko ohitura duela (440000), eta irakurtzeko ohitura duten horietatik %35ak euskaraz irakurtzen duela askotan (154000). Haur eta gazte literaturaren esparrua alde batera utzita, demagun mundu osoko irakurle euskaldunen artean, euskaraz eta gehienbat haur literatura ez dena irakurtzen dutenen portzentajea %40koa dela. Hau da, gutxi gorabehera, helduentzat euskaraz kaleratzen den liburu bakoitzak 60000 pertsonako irakurle-talde potentziala du, munduko biztanleriaren %0.00088a.
Datu hau nahiko erreala dela esan dezakegu. Euskara hutsean idatzitako egunkari bakarrak, Berriak, 65000 irakurle ditu eta gehien saltzen duen euskal idazleak, Bernardo Atxagak, Soinujolearen semea nobelaren 15000 ale inguru saldu zituen (izugarrizko “hit”-a, euskaraz eta helduentzat idatzitako liburu baten mila, bi mila edota hiru mila ale saltzea izugarrizko balentria editoriala dela kontuan hartuta).
Euskal idazleak mundua aldatzeko idazten badu, jai dauka. Dirua eta arrakasta baditu amets, kotoi-sail batean lan egitea kasik errentagarriagoa litzaioke, idazten pasatako nekeak eta denborak bertan inbertituz.
Izan ere, estatistikoki, hau irakurtzen ari bazara salbuespen bat zara.
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire