Terapiaz terapia nabil: hasteko, nola ez, blog honetan idazterena. Edo besterik gabe, idaztearena. Nahiz eta blogean egiteak baduen patologikotik zer edo zer.
Eta hori gutxi balitz, solasaldi literarioetara joaten hasi naiz berrogei urte inguruko emakumez inguratuta liburuei buruz hitz egitera; harrapazank!
Egia esatekotan, askotan Alkoholiko Anonimoen antza handiegia hartzen diet horrelakoei (kaixo, X izena dut, badira hiruzpalau egun liburua amaitu dudala, gustatu zait eta abar –okerrena, bilerako guztiek, hurrenez hurren, berdina errepikatzen dugula da–).
Harira: terapia kolektibo literario horietako lehen saioan Uxue Alberdiren Aulki-jokoari buruz hitz egin genuen, gidari Mikel Ayerbe genuela.
Liburu batzuk transmititzen didaten hasierako tankerak, ez dakit zergatik, askotan ez dit uzten aurrera egiten. Argi daukat Uxueren lana duina dela eta nik ez nukeela hobeto egingo, baina irakurle naizen aldetik desengainatuta sentitu nintzen lehen kapitulua irakurri nuenean. O ez!, nioen liburuaren lehen lerroak irakurri bitartean, beste Goenkale literario bat, au secours! “Hunkidura kuttunak”-en azalak ere ez du askorik laguntzen (idazleak aitortu digu Lander Garroren argazki bat erabili nahi zuela, baina Elkarrekoak ezin hasiko dira ba Susa-koen tendentzia kopiatzen!) eta liburuaren inguruko aurrejuzkuek (tamaina, gaia…) Batxilergoko mailetan azterketa aurreko gauean irakurtzeko liburu perfektu gisa klasifikatzera eraman naute irakurri aurretik.
Ez dut mingarria izateko asmorik, baina zintzo hitz egin nahi dut: solasaldietarako ez balitz, ez nukeen liburua osorik irakurriko. Lehenengo lerroetan ez zitzaizkidan gustatu solaskideek goraipatutako estilo eramanerraz eta samurregia, kontakizuna politikoki zuzenegia izango zenaren sentsazioa edota Peneloperen itxaroteari eginiko erreferentzia (nik harrapatu nuenerako, klixe nabarmenegia).
Liburua aurrera joan ahala, hala ere, nire hasierako sentsazio apokaliptikoak apaltzen joan ziren. Pertsonaien ahotsek ongi josi dute istorioa, polifoniak on egin dio erritmoari eta bi planoen arteko joko zaila (gerra zibileko garaia eta oraingoa konbinatzen dituena) ongi josi du.
Idazlea bertan izan da -apartak iruditu zaizkit egin dituen aurkezpena eta emandako azalpenak- eta eleberria idazterakoan buruan zeukan gai nagusia duintasuna dela esan du: zaharrena (bestalde, sinesgarritasunez gerturatu dela iruditu zait zaharren mundura) eta emakumeena (jarraian idatzi dituen bi bortxaketak: Teresari ilea mozten diotenekoa eta sexualki bortxatzen dutenekoa). Feminismoaz aritu da, eta heriotza barneratzeak, gertu ikusteak, eragin zion larritasunaz, zalantzaz eta shock-az.
“Yo siempre he pensado que a los escritores es mejor leerlos y conocerlos de lejos, pero no conocerlos personalmente porque se pueden sufrir terribles desengaños” dio Arenas-ek amaitu berri dudan “Antes que anochezca” autobiografian. Carlos Fuentes idazle mexikarrari buruz hitz egiten du, “no parecía un escritor, sino una máquina computadora; tenía una respuesta exacta y al parecer lúcida para cualquier problema o pregunta (…) parecía ser un hombre que no tuviera nungún tipo de dudas, ni siquiera metafísicas; era para mí lo más remoto a lo que podía compararse con un verdadero escritor”. Uxueren kasuan behintzat ezin esan dezakegu parekorik, duin eta umoretsu defendatu baitu bere liburua.
Mila saltsetan batera omen dabil (Oier Gillan-ekin batera burututako Hitzen Ubera bere azken proiektuaren kalitatea eta dinamismoa ikustea besterik ez dago) eta egunero idazteari ekin diola aitortu digu.
Nire gusturako, nahiago nuke Uxueren hurrengo aulkia, Neguko zirkuko Harkaitz Canoren ipuin bat gogora ekarriz, biguna izan ordez Kafkaren hura balitz: deserosoa, bizkarraldean sabeltxo bat duena…
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire