mardi 20 mars 2012

DESEO DE SER PUNK EDOTA BAKOITZAREN MUSIKAREN BILAKETA


            “Creo que tener dieciséis años, llamarse Martina y no haber tenido música es un asqueroso desastre. Porque si la hubiera tenido sentiría que pertenezco a algún sitio, supongo”.
            Musikak identitatearen zati handi bat osatzen digu batzuoi, eta Martina geureetakoa da. Eraikuntza horretako adreiluak, banan bana jarriak, izan daitezke Beethoven eta Schubert, Hertzainak eta RIP, The Clash eta Madness, Toots and the Maytals eta Tiken Yah Fakoly, David Bisbal eta Rihanna… Nik zer dakit! Horretan dabil behintzat Martina, bere gaztetasunaren -mila zatitan hautsitako edalontzi hori- zati bana hartu eta kantuz kantu itsasten.
            Aurrez hemen aipatutako Rompepistas-en talde berekoa da, dudarik gabe, Deseo de ser punk. Adoleszentea, gogorra, soinu banda propioa duena, eta oroitzen dudanaren arabera aurrekoa baina ilunxeagoa agian.
 “Interrumpo la emisión para subir el volumen de vuestros receptores y que nuestra angustia os entre por las orejas”

Woody Allen-en filmografiari errepaso bat ematen:


Ze txarra iruditu zaidan esklerosiak jotako “Todo lo que usted quería saber sobre el sexo, pero temía preguntar”! Azkenekoekin, aldiz, dezente dibertitu naiz: Un final made in Hollywood, La rosa púrpura del Cairo, La maldición del escorpión de Jade, Acordes y desacuerdos…
 Baina, oroiz gain, gehien gustatu zaidana bere azkenetako pelikulen soinu banda da. Django Reinhard eta 1920-1930 hamarkadetako jazz aukeraketa aparta iruditu zait…

samedi 21 janvier 2012

KARRERA AMAITZEAN

- Eta? Zer sentitzen duk karrera amaitzean?

- 18 urte betetzean sentitu nian antzeko zerbait... Ezer gutxi.

samedi 7 janvier 2012

COLUCHE PRÉSIDENT, COLUCHE PRÉSIDENT!


1. BIZITZA


1.1. Sarrera
“Franchement, je suis capable du meilleur comme du pire. Mais dans le pire, c´est moi le meilleur”

1980ko urriaren 30–a, Parisko Gymase aretoa. Coluche pailazo frantses ezagunak prentsa politiko guztia batzartu du, hurrengo urteko hauteskunde presidentzialetarako bere hautagaitza aurkezteko: “Luzaroan abstenitu naiz, eta nire inguruko askok ere ez dute ezer bozkatzen. Eman diezaiogun bozka, beraz, politikoki ezer ez den bati. Ergeltzat hartzen gaituzte, eman diezaiogun bozka, bada, ergel bati!”
Pailazo bat Frantziako errepublikako presidentegai? Ze broma klase zen hori? Bere buruari egindako publizitate hutsa al zen? Zer zuen seriotik eta zer bromatik Coluche –n intentzioak? Egia esan, inor gutxi arduratu zen hasiera batean.
Hautagaitzak, ordea, pronostiko guztien aurka, izugarrizko arrakasta izan zuen: luze gabe eta espontaneoki, Frantzia osoan 300 “comité de soutien” (atxikimendu komite) sortu ziren eta Le journal de dimanche kazeta ospetsuaren lehen inkestek boto intentzioaren % 16-a eman zioten. % 16-a! Bigarren itzulira pasatzeko aukerak zituela esan nahi zuen horrek…
Coluche, grandeur frantsesa irrigarri utzi zuen begirunegabeko pailazoa; Coluche, Establishment-aren eta gizarte frantsesaren tabuak eta balore moral eta politikoak astindu zituen berbera. Liderrik gabekoen liderra, hedonista, konprometitua, bizizalea, ganberroa, zirikatzailea, umore frantsesaren gailurretako bat: Coluche!



1.2. Haurtzaroa eta lehen pausuak
“À un moment, je me suis dit : je préfère être clochard que travailler. C´est à ce moment-là que j´ai pu devenir artiste”


            Jatorri italiarrak zituen familia pobre batean jaio zen Coluche, Paris hegoaldeko banlieu batean, argien hiria naziengandik askatu eta lau hilabetera. Aita oso gazte zela hil zitzaion, eta amak bakar-bakarrik hezi behar izan zituen Coluche eta bere bi arrebak.
Ikasle txarra zen, diziplinagabea eta irakaslea xaxatu zalea. Kalean hezi eta zaildutako mutila izanik, ez zen aginduak obeditu zale: soldaduskan, adibidez, denbora gehiago pasa zuen ziegan, arma eskuan patruilatzen baino.
Gertukoen laguntzarekin eta lan xumeekin (dendari, lore-saltzaile, kale-kantari…) irabazten zuenarekin egiten zuen aurrera: 1970. hamarkadan hasi zen komiko lanetan Parisko music-hall eta antzerkietan eta 1974ean telebistan egin zuen “L´histoire d´un mec” bakarrizketak eman zion arrakasta.

1.3. Arrakasta eta zentsura
“Je ne suis pas un nouveau riche, je suis un ancien pauvre”

            Hortik aurrera, espektakulu eta bakarrizketa ugari lotu zituen bata bestearen atzetik, bai antzerkian eta bai telebistan. Zinerako ere komedia arrakastatsu ugari grabatu zituen 70. hamarkadan. Era honetan, urte gutxi batzuen buruan, frantziar guztien ezagun eta askoren kuttun bilakatu zen Coluche.
            1978ko apirilaren 24a eta 1979ko ekainaren 24a bitartean, Robert Willar eta Gérard Lanvin-ekin batera, On n'est pas là pour se faire engueuler saio ganberro eta arrakastatsua zuzendu zuen Europe1 irratian, baina bere tonu probokatzailea zela-eta irratsaiotik bota egin zuten. Aldi berean, arratsaldero-arratsaldero Paris-ko Gymnase antzokian aritzen zen, izugarrizko arrakastarekin gainera. Eguna joan eta eguna etorri, antzokia beti betetzen zuen. 
Europe 1 irratitik bota ondoren, Monakoko errege-etxearena zen RMC irratian ere berdin-berdina pasa zitzaion. Oraingoan hamabi egun soilik iraun zituen: printze-printzesei ez omen zitzaien asko gustatu bere umorea... Leku guztietatik kaleratzen zutela ikusita, Coluche eta bere lagunei hauteskunde presidentzialetara aurkeztea okurritu zitzaien, hori baitzen, euren iritziz, askatasunez hitz egiteko geratzen zitzaien aukera bakarra...

1.4. Nolakoa zen Frantzia 1981. urtean?
“L´irrespect se perdre. Je suis là pour le rétablir”

Espektro politikoa oraindik 68ko maiatzeko errebolten biharamunean zegoen; artistek, garai bateko sinbolismoa alde batera utzi eta gordintasuna besarkatu zuten; chançon français –a atzean utzi eta musikariek reagge –ari, rock´n´roll gogorrari eta punk –ari egin zioten leku; txupa beltzek, jeans estuek, ile tindatuak, gandorrak, makillaje ilunak eta droga gogorrek itzelezko zabalkundea izan zuten gazteriaren artean; eta, 80. hamarkadako Birmoldatze Industrial basatiaren atarian, II. Mundu Gerratik ordura arteko langabezia tasa handienak ezagutu zituen langileria frantsesak. 

Politikariek, bitartean, oraindik IV. Errepublika amaierako molde eta ideiekin, gizarteari entzungor egiten zieten. Hautagaiei erreparatu besterik ez dago horretarako: François Mitterrand (PS), Valéry Giscard d'Estaing (UDF), Jacques Chirac (RPR) eta Georges Marchais (PC) eskola zaharreko politikariak ziren, laurak gizonak, laurak 50 urtetik gorakoak; gizartearen kezka eta politikarien diskurtsoaren arteko sima nabarmenki zen handia.

1.5. 1981eko hauteskunde presidentzialak
“Coluche, le seul candidat qui n´a pas de raison de mentir”

            Hara-Kiri eta Charlie Hebdo aldizkari satirikoek lagunduta, 1980. urtearen amaiera aldera Coluche –k presidentzialetarako hautagaitza plazaratu zuen. Broma bat al zen? Edota agintean zegoen eskuinari egindako azken probokazioa? Edota propaganda hutsa, agian? Edonola ere, arrakasta ustekabekoa eta erabatekoa izan zen, eta, lehen inkesten emaitzak ikusita, ezker zein eskuineko politikarien kezka ez zen makala. Izan ere, Coluche-n programa politikoa zinez zen eroa: lanik ez, dirurik ez, ezkontzarik ez, droga guztien legalizazioa, eskolarik ez. Bere diskurtsoa, hala ere, ezkerretik nabarmen gertuago zegoen: kezka sozialak zituen, gaztetan pobrezia ezagutu zuen eta berdintasunaren aldekoa zen. Horrez gain, oso libertarioa ere bazen: konformismoaz, burgesiaz eta estatuaz barre egitea zen helburua. Oinarrian, bere programak umorea erabiliz garaiko politika moldeen eta ordezkaritzaren krisia azaleratu nahi izan zuen. Berari ere harrigarria iruditzen zitzaion arren, jarraitzaile ugari izan zituen, eta punta-puntako intelektualen babesa jaso zuen.
            Gymnase-ko arratsalderoko espektakuluan, bere jarraitzaile eta ikuslez aretoa mukuru betetzen zuen: “Je suis le seul candidat à faire salle comble en faisant payer ceux qui viennent m'écouter” (aretoa mukuru betetzen duen eta datozenei sarrera ordainarazten dien hautagai bakarra naiz).
          Kanpaina aurrera joan ahala, ordea, oztopoak handitzen joan ziren: presioak, eskuin muturreko taldeen heriotza mehatxuak, polizia sekretuaren galdeketak… Horrez gain, aurrez oso gutxitan eman den zentsura jasan zuen: kanpaina gerturatu ahala, prentsan ez zen berari buruzko artikulu bakar bat ere atera eta, harrigarriagoa gerta daitekeena, telebista publikoak bere sketch bat zentsuratu zuen. Hori gutxi balitz, gainera, presidentzialetarako hautagai ofizial izateko lortu beharreko 500 firmak ezin izan zituen lortu: partidu nagusietako politikoek ate guztiak itxi zizkioten.
Gauzak horrela, 1981eko apirilaren 7an erretiratzea erabakitzen zuen Coluche-k. Hala ere, kanpainako slogan (“Vos parents sont des cons. n´acceptez pas l´hérédité!” –zuen gurasoak inutilak dira; ez ezazue oinordekotza onartu!–) eta kartel ugari betirako geratu dira frantziar herriaren memorian, batez ere hasierako manifestua:
 
1.6. Kanpaina amaitu ondorengo zurrunbiloa eta Restaurants du Cœur-en ideia
          Presio, mehatxu eta zentsurarengatik kanpaina amaitutzat eman ostean, Coluche hustuta sentitu zen. Hustuta eta bakarrik, pertsonalki ere kolpe gogorrak jaso baitzituen: bere emazteak dibortzioa eskatu zion, bere lagun minenak bere buruaz beste egin zuen eta Coluche, etsipenak jota, heroinaren zulo beltzean erori zen. Pare bat urte antzokietatik urrun igaro ostean, drogak alde batera utzi eta bere alderdirik ilunena azaleratzen zuen Tchao Pantin filmatu zuen. Aktore onenaren Cesar saria jaso zuen.


  
         Film eder honek bere karrera bultzaberritu zuen, eta areto eta antzerkietara itzuli zen Coluche. Biziberrituta, Europe 1 irratian hartu zuten berriro, eta berriz ere zorrotz eta umoretsu ekin zion lanari.
            Oraingoan, gainera, ideia aparta aurrera eramaten jakin zuen: “Restaurants du coeur” izeneko katea bultzatu nahi izan zuen irratitik bertatik, Frantziako pobreenek debalde non jan izan zezaten. Bere talentuaz eta ospeaz baliatuz, artista, politiko eta kaleko jende normala mobilizatzea lortu zuen, sare bat osatu eta jatetxeak bata bestearen atzetik irekitzeko dirua lortzeko. Elkarte hau oraindik ere martxan da: adibidez, 2009-2010ean 109 milioi otordu zerbitzatu zituzten Frantzian.



1.7. Bat-bateko heriotza
“Si on est touché soi-même par la mort, on a intérêt à en rire ; et si on n´est pas touché, on n´a pas de raison de ne pas en rire”

            Coluche oso motorzalea zen, eta, zoritxarrez, Cannes inguruan motoan zihoala kamioi batek harrapatuta hil zen. Bere heriotzak Frantzia osoa inarrosi zuen goitik behera. Bere hilkutxa lagun moteroek eramaten zutela, heroi nazionalen antzera esan zioten agur.



2. LIDERRIK GABEKOEN LIDERRA

Anglosaxoientzat Charlot zena bihurtu zen Coluche frankofonoentzat (imajina al dezakezue Charles Chaplin Franklin D. Roosevelt-en aurka lehiatzen E.E.B.B.-tako presidente izateko?), baina bere-berea zuen ukitu axolagabeago, batzuetan nihilista, lotsagabeago, ganberro eta nabarmen groseroagoarekin.
Bere hautagaitzarekin, Coluche-k hauteskundez hauteskunde abstentzioaren portzentajeak azaleratzen zuen politikaren eta ordezkaritzaren krisia agerian utzi zuen. Botereak ez zuen inolaz ere erakartzen, boterearen kritikak baizik. Horrela, era batera edo bestera, ahotsik ez zutenen edota ordezkaritzarik ez zutenen ordezkari bilakatu zen. Berak zioen eran, minoritateak banan bana batzen badira, azkenean gehiengoa osatzen da.
Jendearengana iristen jakin zuen, horretan aparta zen, eta –askoz ere zailagoa dena– umorea erabiliz gainera. Bere inguruko jendea sakon ezagutzen zuen, eta, txantxa eta irriekin giro ona sortuz, bere taldea helburu bat lortzeko lanean jartzeko kapaz zen. Arrisku asko hartu zituen bere gain (oroit dezagun bai polizia eta bai eskuin muturreko taldeak uneoro jazartzen zutela) eta inguruko guztiei motibazio positiboa kutsatzen jakin zuen.
Hitza hartu nahi izan zuen ezaguna eta estimatua zelako, eta horrela ez zutenei emateko.
Zaila da zehazki zer zuen esatea, baina komunikatzen eta bestearen lekuan jartzen oso ona zen eta, imajinatu, Restaurants du coeur bezalako sare oso bat sortzeko gai izan zen. Ez zen politiko bat, ez zen enpresari bat, ez zen doktore bat… pailazo bat zen! Egon den onenetako bat, hori bai. Baina pailazo bat, azken finean. Eta hala ere, milaka eta milaka jende konbentzitzen eta bere helburuak lortzeko kolaboratzen jartzen jakin zuen.
Honegatik guztiagatik, nahiz eta bere irudi eta izaerak inolako sailkatze posiblerik onartu ez, Coluche lidergo parte-hartzaile baten eredu dela iruditzen zait. Bere hautagaitzaren eta, era orokorrago batean, bizitzaren ardatza sormena, umorea eta konpromiso soziala izan ziren. Bazekien lana besteen esku uzten, eta bera inguratzen zuen taldea sortzaile independentez osatua zegoen. 1981eko kanpainan zehar, bere Parisko etxea sormenaren, parte-hartzearen, festaren, motibazioaren, ilusioaren, eromenaren eta satiraren erdigune zen. Coluche barrearen eta konfiantzaren pertsonifikazioa zen, eta inork gutxik egiten dakiena lortu zuen: herrialde oso baten arima barrez lehertzen, negarrez eta dantzan, hirurak batera, jartzea.

mardi 6 décembre 2011

AZKENALDIKO IRAKURKETA BATZUK ZERRENDATZEARREN


            Izenburu erromantikoa du lehenak, Galerna, Iratxe Esnaolaren opera primak. S.S. inizial iluneko hiri turistiko batean girotzen da, eta bost pertsonaia nagusi dituela iruditzen zait: itsasertzeko hotel batean ostatu dauden Nora eta Sebastian Bechener senar-emazte atzerritarrak, Norataz maitemindutako hoteleko nagusia, Sebastianekin affaire bat duen hotleko nagusi honen alaba eta, dudarik gabe, eguraldia. Bai, eguraldia: turista guztiak abuztuko azken egun sargoriei amaiera emango dien galernaren zain baitaude, eta, era batera edo bestera, galernan lehertzen den bero sarkor horrek osatzen baitu liburuko musika. Eta pertsonaiek, askotan, musika horren baitan, bere erritmora, dantzan egiten duten panpinak dirudite…
            Krisi konstantean dauden elementuek (bikoteak, burgesiak eta, era orokorrago batean, gizarte paternalistaren baloreek) osatzen dute nouvelle honen hezurdura; krisian dauden baina, era berean, hain barneratuta dauzkagun elementu horiek pertsonaiengan sortzen duten talka da, muinean, istorioaren motorra. Eta eremu horretan bereziki, idazleak oso gutxirekin asko ematen jakin du: Bechener senar-emazteen banaketa eta Noraren emantzipazioa, gizona eta hoteleko alabaren erlazio post-mirandetarra (galernaren leherketarekin Haur Besoetakoaren eran amaituko zela iruditu zaidana…) eta hoteleko nagusiak Noraganako sentitzen duen erakarpenaren "drama", maitasunez mozorrotu nahi duen erakarpen suizida. Ukitu esperpentiko eta tragikoak dituen nahasketa, zinez.
Hezurdura horren adar batzuetan egon daitekeela iruditzen zait istorioaren ahulune gutxietako bat. Izan ere, Nora izan ezik (nire iritziz, gehien nagusitzen den pertsonaia), gainontzeko pertsonaiak une batzuetan gertu baitaude karikaturatik, bereziki gizonak. Eta efektu hau bilatua denik ez dut ukatuko, baina eskua pixka bat joan egiten zaionaren sentsazioa eduki dut batzuetan: gizonak zeharo matxista, penagarri eta errukigarriak iruditu zaizkit.
            Hala ere, orokorrean, harro egoteko moduko estreinaldia izan da Esnaolarena, nobela labur batek behar duena biltzen jakin baitu: soiltasuna, kritika askatzailea, zorroztasuna eta intentsitatea.
Galerna, aurreikusitako enbataren leherketarekin amaitzen den creccendoa; Galerna, ongi erabakitako kontentzio ariketa.
          Biga: ezetzaren idazleak, Enrique Vila-Matasen Bartleby y compañía liburuaren bidez (azaleko argazki aparta duena bide batez, ispilu bat iruditzen zait, ezin dut burutik kendu). Ezetzaren idazleen Wikipediako artikulu oso bat iruditu zait, alde batetik bestera salto eta klik eginez irakurtzen baita. 
Gure inguruan eragin handia izan duen liburua dudarik gabe: irakurle txokoetan Walser-en obrari edota Kafkaren egunerokoari, adibidez, liburu honek eman dion bultzada esanguratsua izan da. Violet Desvarié, Rulfo edota Melvillen erabaki eta bizitzak dira nire kuttunenak, baina ez idazteko arrazoien bila dabilen irakurlerentzat –halakorik bada- ezintasuna, frakasoa edota, simplemente, ezetza (ne travaillez jamais) biltzen dituen ezinbesteko liburua.


            Higa: Balkanetako gerra (BBC-ren The Death of Yugoslavia dokumental apartaren bitartez) eta Emir Kusturica. Bere filmak (Ijitoen garaia, Underground eta Katu beltza, katu zuria –baina inolaz ere ez, eta kontuz ibili, inolaz ere ez La vida es un milagro; azken hau ez ezazue ikusi, buuuu, inolaz ere ez-), eta bere The no Smoking Orchestraren eta Gora Bregovic-en musika, nola ez:
            Laga: Aita Donostia eta bere Preludios Vascos. Demasié! (lagunek jada harrika egin didate, otoi irakurle, erruki!).
            Boga: komikiak. Komikiak, komikiak eta komikiak. Komikiak! Bai! Arrasateko liburutegiko bilduma apartari errepaso ederra ematen ari natzaio. XX. mende hasierako literatura dinamitatu eta berritu zuten bi idazleen inguruko komikiekin hasi nintzen: lehenak Joyce-ren bizitza du ardatz (Dublinés), eta bigarrenak Kafkaren obra (Kafka for beginners). Biak ala biak oso gomendagarriak dira idazle horien bizitza eta lanari buruz lagunen aurrean pare bat anekdota bota nahi dituenarentzat.

            Art Spiegelman-en Maus da, segur aski, irakurritakoen artean ederrena. Karakterizazioan, sakontasunean eta tratamenduan, primerakoa. Istorio onena, gogorrena eta hobekien kontatua duena. Ziur naiz ezagutzen duzuela, liburu-dendetan-eta ikusita: Maus-en juduak saguak dira, alemanak katuak, amerikarrak txakurrak, poloniarrak zerriak, frantsesak igelak… Komikigilearen aitaren bizitza du ardatz liburuak, II. Mundu Gerran nazien hatzaparretatik behin eta berriz nola ihes egin zuen kontatzen du. Hala ere, liburuak badu, paraleloan, beste ardatz bat, seme komikigilearen eta aitaren arteko erlazioa kontatzen duena alegia, gerrari buruzko elkarrizketen artean nahasten dena. Mundu oso bat sortu du Art Spiegelman-ek, larunbat gauean ere, kaletik itzuleran, besarkatu nahi duzun mundua; nekeak, loak edota goseak gaindi dezakeen mundu bat.
Eta bukatzeko: La vie secrète des jeunes II, asko gustatu zaidan komiki-liburu bat, Charlie Hebdo-ko kolaboratzaile Riaf Sattouf-ena. Orrialde bakoitzean, zortzi bineta eskasetan, Parisko metroan edota kaleetan lapurtutako eszenak ekartzen dizkigu, edozein tesi soziologikoren pisu bera duen gaur egungo gazte frantsesen erradiografia burutuz. Batez ere, eszena askoren gordintasuna da gustatu zaidana, hitzek askotan gordetzen duten biolentzia eta eguneroko bizitzaren baitan lehertzen diren elkarrizketa irrazionalak nola azaleratzen dituen, eta mosaiko zabal honen bidez orokorrean uste dut biltzen jakin izan duela nolabaiteko garaiko gazte paristarren espiritua, horrelakorik baldin bada. 

P.d.: komiki-liburu honen bidez egindako deskubrimentu bat ere ezin utzi aipatu gabe, Cizia Zykë abenturazale eta idazlearena. 80. Hamarkadan “Urrea” izeneko liburua atera zuenetik ezaguna dena, Sudamerika Afrika, Asia, Australia eta munduko mila txoko zeharkatu dituen XIX. mendeko esploratzaileen azken katebegia… Hemen duzue “Apostrophes”-en egin ziotenelkarrizketa.
P.d.(3): datozenak ere ez dira nolanahikoak. Durangoko uztan dudarik gabe gailenduko diren Harkaitz Cano, Koldo Izagirre eta Mikel Antzaren obrak –ordena horretantxe, nire intuizioaren arabera…- eta Xabier Montoiaren disko berria. Eta Shakespeare-ren tragediak, eta On Kixoteren abenturak; denbora nolabait kontsumitu beharra dago, eta azterketen urtarrila beldurgarriki gerturatzen ari den heinean, are gehiago! Ondo ibili!