Izenburu
erromantikoa du lehenak, Galerna,
Iratxe Esnaolaren opera primak. S.S. inizial iluneko hiri turistiko batean
girotzen da, eta bost pertsonaia nagusi dituela iruditzen zait: itsasertzeko hotel
batean ostatu dauden Nora eta Sebastian Bechener senar-emazte atzerritarrak,
Norataz maitemindutako hoteleko nagusia, Sebastianekin affaire bat duen hotleko nagusi honen alaba eta, dudarik gabe, eguraldia. Bai,
eguraldia: turista guztiak abuztuko azken egun sargoriei amaiera emango dien
galernaren zain baitaude, eta, era batera edo bestera, galernan lehertzen den
bero sarkor horrek osatzen baitu liburuko musika. Eta pertsonaiek, askotan,
musika horren baitan, bere erritmora, dantzan egiten duten panpinak dirudite…
Krisi
konstantean dauden elementuek (bikoteak, burgesiak eta, era orokorrago batean,
gizarte paternalistaren baloreek) osatzen dute nouvelle honen hezurdura; krisian
dauden baina, era berean, hain barneratuta dauzkagun elementu horiek
pertsonaiengan sortzen duten talka da, muinean, istorioaren motorra. Eta eremu
horretan bereziki, idazleak oso gutxirekin asko ematen jakin du: Bechener
senar-emazteen banaketa eta Noraren emantzipazioa, gizona eta hoteleko alabaren erlazio post-mirandetarra (galernaren leherketarekin
Haur Besoetakoaren eran amaituko zela iruditu zaidana…) eta hoteleko nagusiak
Noraganako sentitzen duen erakarpenaren "drama", maitasunez mozorrotu nahi duen erakarpen
suizida. Ukitu esperpentiko eta tragikoak dituen nahasketa, zinez.
Hezurdura horren adar batzuetan egon daitekeela iruditzen
zait istorioaren ahulune gutxietako bat. Izan ere, Nora izan ezik (nire
iritziz, gehien nagusitzen den pertsonaia), gainontzeko pertsonaiak une
batzuetan gertu baitaude karikaturatik, bereziki gizonak. Eta efektu hau
bilatua denik ez dut ukatuko, baina eskua pixka bat joan egiten zaionaren sentsazioa
eduki dut batzuetan: gizonak zeharo matxista, penagarri eta errukigarriak
iruditu zaizkit.
Hala
ere, orokorrean, harro egoteko moduko estreinaldia izan da Esnaolarena, nobela
labur batek behar duena biltzen jakin baitu: soiltasuna, kritika askatzailea,
zorroztasuna eta intentsitatea.
Galerna, aurreikusitako enbataren leherketarekin
amaitzen den creccendoa; Galerna, ongi
erabakitako kontentzio ariketa.
Biga: ezetzaren
idazleak, Enrique Vila-Matasen Bartleby y
compañía liburuaren bidez (azaleko argazki aparta duena bide batez, ispilu bat iruditzen zait, ezin dut burutik kendu). Ezetzaren idazleen Wikipediako artikulu oso bat iruditu zait, alde batetik bestera salto eta klik eginez irakurtzen baita.
Gure inguruan eragin handia izan duen liburua
dudarik gabe: irakurle txokoetan Walser-en obrari edota Kafkaren egunerokoari,
adibidez, liburu honek eman dion bultzada esanguratsua izan da. Violet Desvarié, Rulfo edota Melvillen erabaki eta bizitzak dira nire kuttunenak,
baina ez idazteko arrazoien bila dabilen irakurlerentzat –halakorik bada-
ezintasuna, frakasoa edota, simplemente, ezetza (ne travaillez jamais) biltzen dituen ezinbesteko liburua.
Higa: Balkanetako
gerra (BBC-ren The Death of Yugoslavia
dokumental apartaren bitartez) eta Emir Kusturica. Bere filmak (Ijitoen garaia, Underground eta Katu beltza,
katu zuria –baina inolaz ere ez, eta kontuz ibili, inolaz ere ez La vida es un milagro; azken hau ez
ezazue ikusi, buuuu, inolaz ere ez-), eta bere The no Smoking Orchestraren eta
Gora Bregovic-en musika, nola ez:
Laga:
Aita Donostia eta bere Preludios Vascos. Demasié! (lagunek jada harrika egin
didate, otoi irakurle, erruki!).
Boga:
komikiak. Komikiak, komikiak eta komikiak. Komikiak! Bai! Arrasateko
liburutegiko bilduma apartari errepaso ederra ematen ari natzaio. XX. mende
hasierako literatura dinamitatu eta berritu zuten bi idazleen inguruko
komikiekin hasi nintzen: lehenak Joyce-ren bizitza du ardatz (Dublinés), eta bigarrenak
Kafkaren obra (Kafka for beginners). Biak ala biak oso gomendagarriak dira idazle horien bizitza eta
lanari buruz lagunen aurrean pare bat anekdota bota nahi dituenarentzat.
Art
Spiegelman-en Maus da, segur aski, irakurritakoen artean ederrena.
Karakterizazioan, sakontasunean eta tratamenduan, primerakoa. Istorio onena,
gogorrena eta hobekien kontatua duena. Ziur naiz ezagutzen duzuela, liburu-dendetan-eta
ikusita: Maus-en juduak saguak dira, alemanak katuak, amerikarrak txakurrak,
poloniarrak zerriak, frantsesak igelak… Komikigilearen aitaren bizitza du
ardatz liburuak, II. Mundu Gerran nazien hatzaparretatik behin eta berriz nola
ihes egin zuen kontatzen du. Hala ere, liburuak badu, paraleloan, beste ardatz
bat, seme komikigilearen eta aitaren arteko erlazioa kontatzen duena alegia,
gerrari buruzko elkarrizketen artean nahasten dena. Mundu oso bat sortu du Art
Spiegelman-ek, larunbat gauean ere, kaletik itzuleran, besarkatu nahi duzun
mundua; nekeak, loak edota goseak gaindi dezakeen mundu bat.
Eta bukatzeko: La
vie secrète des jeunes II, asko gustatu zaidan komiki-liburu bat, Charlie Hebdo-ko kolaboratzaile Riaf
Sattouf-ena. Orrialde bakoitzean, zortzi bineta eskasetan, Parisko metroan
edota kaleetan lapurtutako eszenak ekartzen dizkigu, edozein tesi
soziologikoren pisu bera duen gaur egungo gazte frantsesen erradiografia
burutuz. Batez ere, eszena askoren gordintasuna da gustatu zaidana, hitzek
askotan gordetzen duten biolentzia eta eguneroko bizitzaren baitan lehertzen
diren elkarrizketa irrazionalak nola azaleratzen dituen, eta mosaiko zabal
honen bidez orokorrean uste dut biltzen jakin izan duela nolabaiteko garaiko
gazte paristarren espiritua, horrelakorik baldin bada.
P.d.: komiki-liburu honen bidez egindako deskubrimentu
bat ere ezin utzi aipatu gabe, Cizia Zykë abenturazale eta idazlearena. 80.
Hamarkadan “Urrea” izeneko liburua atera zuenetik ezaguna dena, Sudamerika
Afrika, Asia, Australia eta munduko mila txoko zeharkatu dituen XIX. mendeko
esploratzaileen azken katebegia… Hemen duzue “Apostrophes”-en egin ziotenelkarrizketa.
P.d.(3): datozenak ere ez dira nolanahikoak. Durangoko
uztan dudarik gabe gailenduko diren Harkaitz Cano, Koldo Izagirre eta Mikel
Antzaren obrak –ordena horretantxe, nire intuizioaren arabera…- eta Xabier
Montoiaren disko berria. Eta Shakespeare-ren tragediak, eta On Kixoteren
abenturak; denbora nolabait kontsumitu beharra dago, eta azterketen urtarrila
beldurgarriki gerturatzen ari den heinean, are gehiago! Ondo ibili!
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire