1. BIZITZA
1.1. Sarrera
“Franchement,
je suis capable du meilleur comme du pire. Mais dans le pire, c´est moi le
meilleur”
1980ko urriaren 30–a, Parisko Gymase
aretoa. Coluche pailazo frantses ezagunak prentsa politiko guztia batzartu du,
hurrengo urteko hauteskunde presidentzialetarako bere hautagaitza aurkezteko:
“Luzaroan abstenitu naiz, eta nire inguruko askok ere ez dute ezer bozkatzen. Eman diezaiogun bozka,
beraz, politikoki ezer ez den bati.
Ergeltzat hartzen gaituzte, eman diezaiogun bozka, bada, ergel bati!”
Pailazo bat Frantziako errepublikako presidentegai? Ze broma klase zen
hori? Bere buruari egindako publizitate hutsa al zen? Zer zuen seriotik eta zer
bromatik Coluche –n intentzioak? Egia esan, inor gutxi arduratu zen hasiera
batean.
Hautagaitzak,
ordea, pronostiko guztien aurka, izugarrizko arrakasta izan zuen: luze gabe eta
espontaneoki, Frantzia osoan 300 “comité de soutien” (atxikimendu komite) sortu
ziren eta Le journal de dimanche
kazeta ospetsuaren lehen inkestek boto intentzioaren % 16-a eman zioten. % 16-a!
Bigarren itzulira pasatzeko aukerak zituela esan nahi zuen horrek…
Coluche, grandeur frantsesa
irrigarri utzi zuen begirunegabeko pailazoa; Coluche, Establishment-aren eta gizarte
frantsesaren tabuak eta balore moral eta politikoak astindu zituen berbera. Liderrik
gabekoen liderra, hedonista, konprometitua, bizizalea, ganberroa,
zirikatzailea, umore frantsesaren gailurretako bat: Coluche!
1.2. Haurtzaroa eta lehen pausuak
“À un moment, je me suis dit : je
préfère être clochard que travailler. C´est à ce moment-là que j´ai pu devenir
artiste”
Jatorri italiarrak zituen familia pobre batean
jaio zen Coluche, Paris hegoaldeko banlieu
batean, argien hiria naziengandik
askatu eta lau hilabetera. Aita oso gazte zela hil zitzaion, eta amak
bakar-bakarrik hezi behar izan zituen Coluche eta bere bi arrebak.
Ikasle txarra zen, diziplinagabea eta irakaslea xaxatu zalea. Kalean hezi
eta zaildutako mutila izanik, ez zen aginduak obeditu zale: soldaduskan,
adibidez, denbora gehiago pasa zuen ziegan, arma eskuan patruilatzen baino.
Gertukoen laguntzarekin eta lan xumeekin (dendari, lore-saltzaile,
kale-kantari…) irabazten zuenarekin egiten zuen aurrera: 1970. hamarkadan hasi
zen komiko lanetan Parisko music-hall eta antzerkietan eta 1974ean telebistan
egin zuen “L´histoire d´un mec” bakarrizketak
eman zion arrakasta.
1.3. Arrakasta eta zentsura
“Je ne suis pas un nouveau
riche, je suis un ancien pauvre”
Hortik aurrera, espektakulu eta
bakarrizketa ugari lotu zituen bata bestearen atzetik, bai antzerkian eta bai
telebistan. Zinerako ere komedia arrakastatsu ugari grabatu zituen 70. hamarkadan.
Era honetan, urte gutxi batzuen buruan, frantziar guztien ezagun eta askoren
kuttun bilakatu zen Coluche.
1978ko apirilaren 24a eta 1979ko
ekainaren 24a bitartean, Robert Willar eta Gérard Lanvin-ekin batera, On n'est pas là pour se faire engueuler saio
ganberro eta arrakastatsua zuzendu zuen Europe1 irratian, baina bere tonu
probokatzailea zela-eta irratsaiotik bota egin zuten. Aldi berean, arratsaldero-arratsaldero Paris-ko
Gymnase antzokian aritzen zen, izugarrizko arrakastarekin gainera. Eguna joan
eta eguna etorri, antzokia beti betetzen zuen.
Europe 1 irratitik bota ondoren, Monakoko errege-etxearena
zen RMC irratian ere berdin-berdina pasa zitzaion. Oraingoan hamabi egun soilik
iraun zituen: printze-printzesei ez omen zitzaien asko gustatu bere umorea... Leku guztietatik kaleratzen zutela ikusita, Coluche eta bere lagunei hauteskunde presidentzialetara aurkeztea okurritu zitzaien, hori baitzen, euren iritziz, askatasunez hitz egiteko geratzen zitzaien aukera bakarra...
1.4. Nolakoa zen Frantzia
1981. urtean?
“L´irrespect se perdre. Je
suis là pour le rétablir”
Espektro politikoa oraindik 68ko maiatzeko
errebolten biharamunean zegoen; artistek, garai bateko sinbolismoa alde batera
utzi eta gordintasuna besarkatu zuten; chançon
français –a atzean utzi eta musikariek reagge
–ari, rock´n´roll gogorrari eta punk –ari
egin zioten leku; txupa beltzek, jeans estuek, ile tindatuak, gandorrak,
makillaje ilunak eta droga gogorrek itzelezko zabalkundea izan zuten
gazteriaren artean; eta, 80. hamarkadako Birmoldatze Industrial basatiaren
atarian, II. Mundu Gerratik ordura arteko langabezia tasa handienak ezagutu
zituen langileria frantsesak.
Politikariek, bitartean, oraindik IV. Errepublika amaierako molde eta ideiekin,
gizarteari entzungor egiten zieten. Hautagaiei erreparatu besterik ez dago
horretarako: François Mitterrand (PS), Valéry Giscard d'Estaing (UDF), Jacques
Chirac (RPR) eta Georges Marchais (PC) eskola zaharreko politikariak ziren,
laurak gizonak, laurak 50 urtetik gorakoak; gizartearen kezka eta politikarien
diskurtsoaren arteko sima nabarmenki zen handia.
1.5. 1981eko hauteskunde presidentzialak
“Coluche, le seul candidat
qui n´a pas de raison de mentir”
Hara-Kiri eta Charlie Hebdo aldizkari satirikoek lagunduta, 1980. urtearen amaiera
aldera Coluche –k presidentzialetarako hautagaitza plazaratu zuen. Broma bat al
zen? Edota agintean zegoen eskuinari egindako azken probokazioa? Edota propaganda
hutsa, agian? Edonola ere, arrakasta ustekabekoa eta erabatekoa izan zen, eta, lehen
inkesten emaitzak ikusita, ezker zein eskuineko politikarien kezka ez zen
makala. Izan ere, Coluche-n programa politikoa zinez zen eroa: lanik ez,
dirurik ez, ezkontzarik ez, droga guztien legalizazioa, eskolarik ez. Bere
diskurtsoa, hala ere, ezkerretik nabarmen gertuago zegoen: kezka sozialak
zituen, gaztetan pobrezia ezagutu zuen eta berdintasunaren aldekoa zen. Horrez
gain, oso libertarioa ere bazen: konformismoaz, burgesiaz eta estatuaz barre
egitea zen helburua. Oinarrian, bere programak umorea erabiliz garaiko politika
moldeen eta ordezkaritzaren krisia azaleratu nahi izan zuen. Berari ere
harrigarria iruditzen zitzaion arren, jarraitzaile ugari izan zituen, eta punta-puntako
intelektualen babesa jaso zuen.
Gymnase-ko arratsalderoko
espektakuluan, bere jarraitzaile eta ikuslez aretoa mukuru betetzen zuen: “Je suis le seul candidat à faire salle
comble en faisant payer ceux qui viennent m'écouter” (aretoa mukuru
betetzen duen eta datozenei sarrera ordainarazten dien hautagai bakarra naiz).
Kanpaina aurrera
joan ahala, ordea, oztopoak handitzen joan ziren: presioak, eskuin muturreko
taldeen heriotza mehatxuak, polizia sekretuaren galdeketak… Horrez gain, aurrez
oso gutxitan eman den zentsura jasan zuen: kanpaina gerturatu ahala, prentsan ez
zen berari buruzko artikulu bakar bat ere atera eta, harrigarriagoa gerta
daitekeena, telebista publikoak bere sketch
bat zentsuratu zuen. Hori gutxi balitz, gainera, presidentzialetarako hautagai
ofizial izateko lortu beharreko 500 firmak ezin izan zituen lortu: partidu
nagusietako politikoek ate guztiak itxi zizkioten.
Gauzak horrela, 1981eko apirilaren 7an erretiratzea erabakitzen zuen Coluche-k.
Hala ere, kanpainako slogan (“Vos parents
sont des cons. n´acceptez pas l´hérédité!” –zuen gurasoak inutilak dira; ez
ezazue oinordekotza onartu!–) eta kartel ugari betirako geratu dira frantziar herriaren
memorian, batez ere hasierako manifestua:
1.6. Kanpaina amaitu ondorengo zurrunbiloa eta Restaurants du Cœur-en ideia
Presio, mehatxu eta zentsurarengatik
kanpaina amaitutzat eman ostean, Coluche hustuta sentitu zen. Hustuta eta
bakarrik, pertsonalki ere kolpe gogorrak jaso baitzituen: bere emazteak
dibortzioa eskatu zion, bere lagun minenak bere buruaz beste egin zuen eta Coluche,
etsipenak jota, heroinaren zulo beltzean erori zen. Pare bat urte antzokietatik
urrun igaro ostean, drogak alde batera utzi eta bere alderdirik ilunena
azaleratzen zuen Tchao Pantin filmatu
zuen. Aktore onenaren Cesar saria jaso zuen.
Film eder honek bere
karrera bultzaberritu zuen, eta areto eta antzerkietara itzuli zen Coluche. Biziberrituta,
Europe 1 irratian hartu zuten berriro, eta berriz ere zorrotz eta umoretsu ekin
zion lanari.
Oraingoan, gainera, ideia aparta
aurrera eramaten jakin zuen: “Restaurants du coeur” izeneko katea bultzatu nahi
izan zuen irratitik bertatik, Frantziako pobreenek debalde non jan izan
zezaten. Bere talentuaz eta ospeaz baliatuz, artista, politiko eta kaleko jende
normala mobilizatzea lortu zuen, sare bat osatu eta jatetxeak bata bestearen
atzetik irekitzeko dirua lortzeko. Elkarte hau oraindik ere martxan da:
adibidez, 2009-2010ean 109 milioi otordu zerbitzatu zituzten Frantzian.
1.7. Bat-bateko heriotza
“Si on est touché soi-même
par la mort, on a intérêt à en rire ; et si on n´est pas touché, on n´a
pas de raison de ne pas en rire”
Coluche oso motorzalea zen, eta,
zoritxarrez, Cannes inguruan motoan zihoala kamioi batek harrapatuta hil zen.
Bere heriotzak Frantzia osoa inarrosi zuen goitik behera. Bere hilkutxa lagun
moteroek eramaten zutela, heroi nazionalen antzera esan zioten agur.
2. LIDERRIK GABEKOEN LIDERRA
Anglosaxoientzat Charlot zena bihurtu zen Coluche frankofonoentzat (imajina
al dezakezue Charles Chaplin Franklin D. Roosevelt-en aurka lehiatzen E.E.B.B.-tako
presidente izateko?), baina bere-berea zuen ukitu axolagabeago, batzuetan
nihilista, lotsagabeago, ganberro eta nabarmen groseroagoarekin.
Bere hautagaitzarekin, Coluche-k hauteskundez hauteskunde abstentzioaren portzentajeak
azaleratzen zuen politikaren eta ordezkaritzaren krisia agerian utzi zuen. Botereak
ez zuen inolaz ere erakartzen, boterearen kritikak baizik. Horrela, era batera
edo bestera, ahotsik ez zutenen edota ordezkaritzarik ez zutenen ordezkari
bilakatu zen. Berak zioen eran, minoritateak banan bana batzen badira, azkenean
gehiengoa osatzen da.
Jendearengana iristen jakin zuen, horretan aparta zen, eta –askoz ere
zailagoa dena– umorea erabiliz gainera. Bere inguruko jendea sakon ezagutzen
zuen, eta, txantxa eta irriekin giro ona sortuz, bere taldea helburu bat
lortzeko lanean jartzeko kapaz zen. Arrisku asko hartu zituen bere gain (oroit
dezagun bai polizia eta bai eskuin muturreko taldeak uneoro jazartzen zutela)
eta inguruko guztiei motibazio positiboa kutsatzen jakin zuen.
Hitza hartu nahi izan zuen ezaguna eta estimatua zelako, eta horrela ez zutenei
emateko.
Zaila da zehazki zer zuen esatea, baina komunikatzen eta bestearen lekuan jartzen
oso ona zen eta, imajinatu, Restaurants du coeur bezalako sare oso bat sortzeko
gai izan zen. Ez zen politiko bat, ez zen enpresari bat, ez zen doktore bat… pailazo
bat zen! Egon den onenetako bat, hori bai. Baina pailazo bat, azken finean. Eta
hala ere, milaka eta milaka jende konbentzitzen eta bere helburuak lortzeko
kolaboratzen jartzen jakin zuen.
Honegatik guztiagatik, nahiz eta bere irudi eta izaerak inolako sailkatze
posiblerik onartu ez, Coluche lidergo parte-hartzaile baten eredu dela
iruditzen zait. Bere hautagaitzaren eta, era orokorrago batean, bizitzaren
ardatza sormena, umorea eta konpromiso soziala izan ziren. Bazekien lana
besteen esku uzten, eta bera inguratzen zuen taldea sortzaile independentez
osatua zegoen. 1981eko kanpainan zehar, bere Parisko etxea sormenaren,
parte-hartzearen, festaren, motibazioaren, ilusioaren, eromenaren eta satiraren
erdigune zen. Coluche barrearen eta konfiantzaren pertsonifikazioa zen, eta
inork gutxik egiten dakiena lortu zuen: herrialde oso baten arima barrez lehertzen,
negarrez eta dantzan, hirurak batera, jartzea.
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire