mercredi 26 octobre 2011

RADIO CLASH-EN GAUR… (IV)


            Gabon entzule!
            Aska zaitez!
            Nagusia putakume galanta dela?
            Egiten duzuna ez zaizula batere gustatzen?
            Lankideak, lagunak baino, zakur amorratuak direla?
            Kokoteraino zaudela goizeko seietan jaiki beharraz?
            Txo, harritzekoa kontrakoa litzateke! Aska zaitez, utzi lana, utzizazu derrepentean!
            Eta jakinzazu: beti izango duzu lagun bat, hemen, uhinen bestaldean, belarrira hitz egingo dizuna, dantzara gonbidatuko zaituena. Beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onenarekin.
            Gaur, saioarekin hasteko, zuretzat entzule, Lee Dorsey-en Working on a coalmine! Animo eta ongi etorri!



samedi 22 octobre 2011

RADIO CLASH-EN GAUR… (III)


             Gabon entzule!
            Nork ez du oroitzen umeetako uda garai hura? Bueltatzeko ordua iristen zeneko momentua, adibidez. Hori izaten zen gogorrena: nebarrebekin gurasoek topera kargatu zuten autoaren atzealdean sartzen zinenean eta aitak autoa arrankatzen zuenean. Baina gogoratzen, eserlekuan belauniko jarrita atzera begiratzen zenuenean, udalagun guztiak autoaren atzetik agur esaten nola egiten zuten korri eta garrasi, aitak abiadura azkartzea beste erremediorik ez zuen arte?
            Bai, bai, bai! Hemen nauzu gaur ere, uhinen bestaldean, studioan, bakarrik; belarrira hitz egingo dizun hori naiz, dantzara gonbidatuko zaituena. Beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onenarekin.
            Asmatuko zenuen agian: hondartzako mutil horiek, The Beach Boys-ek, zabalduko dute gaurko saioa: zuretzat, entzule, zuzen-zuzenean, All summer long! Ongi etorri!

jeudi 20 octobre 2011

RADIO CLASH (II)


Gabon entzule!
            

Maite zenuen horrek laga zintuela?
            Ateari izugarrizko danbatekoa emanda alde egin zuela?
            Zure telefono deiei ez die jaramonik egiten; badakit, ulertzen dut. Baina nork esan du galduta dagoenik dena? Ez dagoela zereginik?
            Bai zera! Jakinzazu: beti izango duzu lagun bat, hemen, uhinen bestaldean, belarrira hitz egingo dizuna, dantzara gonbidatuko zaituena. Beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onenarekin.
            Eta gaur, hasteko, umore beltz dosi txiki bat emango diegu bihotza mila zatitan duten horiei, ezta? Ea zer deritzozuen Buddy Holly-ren maisulan honi. Zuretzat entzule, saioarekin hasteko, That´ll be the day! Astindu gerri hori! Ongi etorri!

mercredi 19 octobre 2011

RADIO CLASH (I)


            Gabon entzule!
             

Etxean bakarrik harrapatu al zaitugu, isiltasuna pisuegia egiten zitzaizun momentu horietako batean?
            Ohea hotzegia suertatzen zaizulako ote?
            Maite zaituztenak urrutiegi dituzulako, agian?
            Ba jakinzazu: beti izango duzu lagun bat, hemen, uhinen bestaldean, belarrira hitz egingo dizuna, dantzara gonbidatuko zaituena. Beti bezala, betiko orduan,  rock´n´roll onenarekin.
            Gaur, saioarekin hasteko, zuretzat entzule, Flash Cadillac & The Continental Kids-en At the top!
            C´mon, let´s go to the hop! Ongi etorri!

jeudi 13 octobre 2011

ZER DAUKA PHIILP ROTH-EK BESTEK EZ DUTENIK?


Zer dauka Philip Roth-ek bestek ez dutenik?
Esperantza arrastorik gabe, bizitza den bezala, bere pertsonaien barne-amildegia deskribatzen maisu delako gustatzen zait hainbeste? Puskatutako ametsak, denbora luzez sinistu genituen gezur horiek, irakurlearen aurrean gordin agertzen dituelako, agian? Pasioaren, sufrimenduaren eta gure erabakiak gidatzen dituzten barne-mekanismo horien muinera, azkeneraino, eramaten gaituelako bere idazkerak?

dimanche 2 octobre 2011

Hausnarketa labur eta merke bat


Noiz galdu genuen iparra?
Noiz pasa ginen berbenako lehen lerroan izerditan kantatu eta dantzatzetik bestaldera, txoznetara, basoa eskuan eta ukalondoa barran izatera? Noiztik iruditzen zaizkit gazteegiak Eroski sarreran likorez eta vodkaz betetako botilekin ikusten ditudan horiek? Noiz bihurtu ziren Sarri, sarri edota Aprieta el gatillo, askatasun eta errebeldia kantu apartak, iganderoko mezako errepika aspergarri? Nolatan makurtzen ote gara gu ere bizitzaren lege aldaezin horietara “kale eta taberna guztiak ume mukizuz beteak zeudek” erako esaldiekin? Eta, batez ere, noiztik eta zergatik dira hain zurrun, atzeraezin, kristau, garrantzitsu, kontserbadore eta serioak bikoteen arteko erlazioak?