Hasteko: internetik gabe pasatako hilabete bat izan da, erre gabe pasatakoaren pareko zerbait.
Ikusi dudan gogorrena? Ba seguraski metroko eskale eta alkoholikoak. Izugarrizko kiratsa dute askok, zapata puskatuak, hanka puztuak, gorputz minberatuak, gangrenak, duten guztia plastikozko poltsa batean gordeta asko eta asko arrasataka ibiltzen dira, eta hitz totelka eta zeharo galduta, askotan bakarrik hizketan eta burua tente mantentzeko indarrik gabe. Oroitzen naiz metron pertsonaz osatutako ibai horietako batean nindoala, lurrean hilik/lo zegoen eskale bat, arroka bat balitz bezala, nola inguratu zuen korronteak. Inork ez zuen atzera begiratu. Inor ez zen gelditu, eskalea hilik edo lo zegoen egiaztatzeko. Bistan da, ni ere ez. Metroan usu baldin bazabiltza, azkenean eskale horiek bistaz behintzat ezagutzera iristen zara, beti dira berberak. Horrek oraindik gogorrago egiten du dena.
Bestalde, Berlinek ez du Donostiarekin zerikusi handirik:
- Poliziak polizia izaten jarraitzen du, baina askoz ere adeitsuagoa da, blastakoan ez hain autoritarioa eta prepotentea.
- Nahiz eta aspaldidanik aldatzen ari den, Tiergarten-en 62 metro karratuko apartamentu bat 70000€tan dago. Bestalde, alokairuaren prezioa Arrasatekoaren parekoa da.
- Donostian baino askoz ere jende ezkertiar gehiago dagoela iruditu zait.
- Gauak, orokorrean, ez du zerikusirik.
- Musika. Donostian badakizu taberna horretatik ez zarela aterako Barricada-ren kantaren bat entzun gabe, edota beste horretatik Shakira edota Ryana entzun gabe.
- Jendea irekiagoa iruditu zait. Errazagoa balitz bezala jendea ezagutzea, lasai hitz egitea.
- Sexualki askoz ere askeagoa da.
- Historikoki eta kulturalki, badirudi Berlinek ez duela amaierarik.
- Parkeak eta eremu zabalak, eta eguraldi ona egiten duenean parkeak inbaditzen dituzten hiritarrak, beti kantatzen, dantzatzen, frisbyarekin jolasean, trapitxeatzen, musika entzuten, lasai hitz egiten, barbakoak egiten, erretzen.
- Askoz ere hiri gazteagoa da Berlin
- Falafelak, hain ezagunak egiten ez zitzaizkidan edariak (Jägermeisterra, Matea freskagarri eran), Kebap-ak, pizzak, lasaignak, zopa vietnamitak… eta dena merke-merke.
- Bizikletan alde batetik bestera ibiltzeko aukera paregabe hori.
- Trafiko urria eta gidarien errespetua.
- Zerbezaren prezioa, eta kalean, metroan, edonon edateko askatasuna.
- Bai ordutegi aldetik, bai zerbitzu aldetik, garraio publikoa paregabea da.
- Hiriaren kontzepzioa eta lehentasunak erabat ezberdinak dira.
Hori bai: xirimiriak atergabe gaztigatzen zaituen egun lainotsu eta bakarti horietan, Berlin ez da batere samurra. Putzuz betetako hiri bat bihurtzen da, bakardadearen neurrira egina. Mundu guztia etxe barruan babesten da. Horietako egunak bata bestearen atzetik lotzen direnean eta eguzki printz bakar bat ere sumatzen ez denean, etsipen sentsazioa nabarmen larritzen da. Sasoi horiek pasatzeko, liburu, pelikula eta lagun onak beharrezkoak dira. Donostiak ere badu puntu hori, baina Berlinen estetikak askoz ere gehiago barneratzen zaitu dinamika depresiboan.
Gauza kuriosoren bat? Supermerkatuan punky bat, Axe-ren edo Rexona-ren artean ezin erabaki.
Eta kitto, gaurkoz nahikoa.
Galdetu ez duzun arren, Berlinen aldeko 3 arrazoi emango dizkizut:
RépondreSupprimer1- Mehringdamm kalean (Kreutzberg), ikurrinak eta euskal presoen banderolak dituen Clash tabernatik gertu, XIX mende bukaerako patio handiak (ikus Riehmers Hofgarten google images-en) kebab-ekin eta ateneo punk-ekin bizi dira. Azken hauek hilabeteroko ekintzen magazine bat ateratzen dute... Aldizkaria lortzeko lokalera sartu beharra dago. Atera hurbiltzen zoazela, 3 kaskamotx atean azaltzen dira zuri mesfidantzaz begira.
Froga bat da. Behin sartuz gero oso atseginak dira. (turistetaz nazkatu direla suposatzen dut)
2- Gogoratzen SO36ren kalea, Oranienstr.? Ba ekialderuntz oinez, bide gurutze batean ezkerretara jotzen baduzu, badago taberna bat ixkina egiten duena. Kafe arrunt bat dirudi, baina Berlingo komunitate greziarra biltzen den tokia da. Gezurra dirudi, hain txikia izanik... Igandeetan 22etatik aurrera jam session antzeko bat egiten dute "uso"a edaten eta instrumentu tradizionalak jotzen... azkenengoan denera 8 pertsona ikusi nituen eta dantza egitera atera ninduten! Hau urtean zehar igandero-igandero egiten den zerbait omen da. Goizeko 4ak arte edo egoten dira dantzan eta kantuan.
3- Bainatzeko leku oso paketsua: Badeschiff. Behin ekaitza hasi baino ordubete lehenago joan ginen, eta ondorioz ez zegoen inor, ura epel-epel, paisaia urbano polit hori... asteazken gauetan kontzertu akustikoak ere egiten dituzte.
Bueno, datuak besterik ez dira, baina hiru bixita hauek gomendatzen dizkizuet. Berlin oso hiri literarioa da, edonora zoazela hori idatzi eta kontatzeko gogoak jartzen zaizkizu... Horregatik, ezer irakurri edota Win Wenders ikusi baino, joatea eta probatzea bezalakorik ez dago.
Das Griechisches Kaffe ist in Kreutzberg, in der Ecke 'Mariannesnstr. mit Naunynstr'.
RépondreSupprimerIch glaube sein Name ist "BOCA".
Such im google maps!
Eskerrik asko, aparta komentarioa! Hurrengo bixitan dudarik gabe pasako naiz txoko horietatik. Danke schön!!!
RépondreSupprimer