mardi 15 mars 2011

MIKEL HERNÁNDEZ ABAITUA, 2x1: AZUKRE XEHEA GATZ LARRIA ETA OHE BAT OZEANOAREN ERDIAN

                Igande gaua da. Gurasoen etxean igarotako asteburu lasaiaren ondoren pisura ailegatu berria naiz, Mikel Hernández Abaituaren azken liburuari buruz idazteko asmoz. Berandu baino lehen ekarri nahi nuen hona, bai bainuen aurre-sentipen bat, irakurri aurretikoa, liburua bitakora honen tonura egokituko zela esaten zidana. 

Maleta hustu, aferak ordenatu eta bi disko aukeratu ditut idatzi bitartean entzuteko: Harvest eta Nebraska. Biek ala biek liburuaren espirituarekin bat egiten dutela iruditzen zait, eta bestalde igande gauetan harmonikak on egin ohi dit.

Aitor dezadan: ez naiz nobedadeak erostera oso joa. Elkarren megadendak baino nahiago ditut bigarren eskuko azokak. Ez naiz oroitzen zeinek artikulu batean zioen bezala, librero literaturzalearen lanbidea galbidean dago, eta gasolina saltzen duten bezala saltzen dituzte liburuak (Elkar-eko langileen trajeek ere hori pentsaraztera bultzatzen du bat); liburuen fetixista ororentzat akabua, apokalipsia. Bigarren eskuko oasietan, hala ere (o, literatura aldarean duzun intelektual hori!), bada oraindik esperantzarik.

Baina ez dezagun hain analisi apokaliptikorik egin eta muga gaitezen, albistegiek egiten duten eran, gertatzen den tragedia orok burtsan zer eragin duen aztertzera (oraintxe bertan irakurri dut www.elpais.es –en bigarren titularra: “El pánico hace caer el Nikkei más del 10%”). Lehengo hilabeteko arrantzan bildutakoak argi uzten du prezio eta kalitate aldetik aldea nabarmena dela: prezio beragatik, hilabete amaierako bigarren eskuko azokan Andreiev-en ipuin-bilduma bat, Antes que anochezca, Gauak eta hiriak, La tía Julia y el escribidor, 1957ko frantses literaturako eskola-liburu bat eta Ralf König-en komiki bat erosi nituen. 

Zein dira, orduan, “Azukre xehea gatz larria” erostera bultzatu nauten arrazoiak?

1. Idazlearen bilakaera eta iragan denborez duen ikuspegia interesatzen zitzaizkidan, bere ideiei, garaiari, ikuspegi politikoari eta obrari buruz gehiago jakin nahi nuen. Eta baita, noski, bere inguruan ibilitako jendeari buruz ere: Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Txillardegi, Andu Lertxundi, Koldo Mitxelena, Ramon Etxezarreta, Pello Lizarralde, Mikel Antza, Jon Juaristi, Josu Landa…

2. Ohe bat ozeanoaren erdian irakurri izana, Iban Zalduak gidatutako solasaldi batean, orain dela bi urte-edo. Gustatu zitzaidan. Oroitzen naiz pisukideak telebistari begira egon bitartean taxuz irakurri ahal izan dudan liburu bakarrenetarikoa dela. Egoera politikotik eta bere iraganetik ihes egiten duen irakasle baten istorioa kontatzen du: autopistan Italia bidean aurrera doan bitartean bere oroitzapenak eta pentsamenduak iraganeko kontakizunekin tartekatzen ditu. Kontaerak hasieratik bertatik bere baitan biltzen zaitu, erabilitako teknikak autoaren marmarra eta autopistaren errepikakortasuna oso ongi imitatzen baititu, eta kanpotik etorritako interferentziak (telebistaren garrasiak, pisukideen algarak) autoaren motorraren urrumak filtratu izan balitu bezala iristen zaizkizu. 

Horrez gain, terapia saio horretan idazlea ezagutzeko aukera izan genuen. Memoriari kasu egiten badiot, bere hitzetan hau litzateke nobelak azaleratu nahi duen kontraesana: protagonistak biolentzia helburu politikoak lortzeko arbuiatzen du, baina, aldi berean, bere bizitza sentimentaleko arazoak konpontzeko erabiltzen du.
3. Saizarbitoriari buruzko tesia egin izana eta bere laguna izatea (oso garrantzitsua).


4. Azala: Down by law eta La femme Nikita pelikulen kartela.


                Eta izuuugarri gustatu ez bazait ere, gustatu zait. Agian azukretik gehixeago duelako, gatzetik baino? Apika EUTG –ko batailitak eta 80. hamarkada nahasi horretakoak kontatzen dituelako? Akaso euskal politikaren eta gatazkaren arrastoa oso sakona izan zen belaunaldikoa delako? Dena dela ere, bete nau, chapeau.

                Agian, apika, akaso… Euskitze baina okerrago hasi aurretik, hobe gelditu. Oroitzen naiz Arantxa Urretabizkaiari elkarrizketa egin zion Kalaka-ko saio hartan, sarrerako speech-ean, sinonimoak bata bestearen atzetik geratu gabe botatzen hasi zela: kalaka, eleka, berriketa, hizketa, berbaldi…, pisukide guztiok sofan barrez lehertzea lortzea lortu zuen… haundia dek Euskitze.

                Eta txapa latz honi amaiera emateko… Mikel Hernadez Abaitua berak 80. hamarkadan konposaturiko hiru hit! Letra poetikoak eta, adi! Armonikarik edota bossa novarik ere bada.



Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire