Gure ahotsaren energia uhin bidez zabaltzen da, eta uhin bihurtutako hitz bakoitzak bibratzen jarraitzen du, urte luzez, mila urtez.
Hemendik mila urtera, agian, gure ondorengoak orain hautemanezinak iruditzen zaizkigun bibrazio horiek dekodifikatzeko, hau da, urtez urte milioika hitzez nahastutako ehun bola askatzeko, gai izango dira. Eta agian urte luze horietan guztietan esan direnak, baita guk baino lehenago izan direnek esan izan dituztenak ere, bereizteko gai izango dira.
Gizakiok esan dugun oro bereizteko gai izango dira, jakintza guztia eurena izango da; uhinaren kokapenaren, anplitudearen eta frekuentziaren arabera hitz hori esandako unea eta lekua definitzea posible izango da. Imajina ezazue: gaur gauean maitaleari belarrira xuxurlatzen diozuena erregistratua geratuko da.
Ahoskatzen dugun eta ahoskatua izan den sekretu ororen jabe izango dira. Ahoz esandakoak idatzitakoaren pisu berbera izango du aurrerantzean eta poliziek, etxeko atea zartatu eta pistola buruan duzula esnatzen zaituztenean, pistolez gain uhin detektoreak sartuko dituzte etxera, bertan esan izan den oro grabatzeko.
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire