Bi
kanta soilik entzun nizkien, Beautiful
world eta Haunted house. Bi kanta
edo burua aldez alde zeharkatu zidaten bi bala, gorputza goitik behera
astinarazi zidaten bi garrasi; redios, a zer nolako bi kanta!
Ostegun batez izan zen,
Bilbon. Afaltzen ematen zuten telebistarik gabeko tabernak hutsik zeuden gure
zorionerako, hiri osoa zerbeza eskuan eta Athletic-eko bufandekin UEFA-ko
finalerdiari begira baitzegoen.
Zer galdu zitzaien bada,
pentsatuko duzue, gu bezalako bi giputzi eta bi nafarrei futbolaren
Katedralaren hiriburuan? Ba Gaztea-ko maketa lehiaketa irabazteko inolako
aukerarik ez zuen talde bat animatzera joan ginen, Hotzikara usurbildarrak (flamenko ukitu nabarmenak dituen basurde-trash-porn-metal talde bat). Nola
klasifikatu ote ziren finalerako? Epaimahaiak aukeratuta, antza. Eurek ere,
Gaztearen irizpide estetikoen antipodetan dauden musikalari izerditsu eta gaztetxeroak izanik, ez zuten sinesten…
Hotzikararen
kontzertua ikusi, buelta bat eman eta tripa bete eta gero, beraz, epaia entzutera
itzuli ginen Bilbo Rock-era, Crónica de
una muerte anunciada haren aurrean gure lagunak kontsolatzeko asmotan. Eta Kristori,
Budari, Mahomari edota Steve Jobs-i eskerrak, epaimahaiaren ohiko txapa baina lehenago
iritsi ginen.
Sartzen ari nintzela atzeman
nuen lehen gauza baxua izan zen, sarkor, indartsu, bidea irekiz; ahotsa
jarraian, abestiari itxura emanez, melodia iradokiz, ingelesezko technology crash, our beatiful world, lapse of
time kateatuz. Bai, pixka bat izorratzen dit hala aitortzeak (inbidia zer
den!), baina sorginduta utzi ninduten kantaren hasierako hamar segundo horiek.
Eta hori hasiera besterik ez
zen! Bateria eta teklatuaren bat-bateko oldarrak liluratik esnarazi ninduen,
pentsatzeko denborarik batere utzi gabe. Joder, erritmo hori, teklatu hori: Ian
Curtis-en arima ote zen Nico-ren itxura zuen abeslariaren ezpainetatik iristen
zitzaidana?
Beautiful world zuen izena abestiak, eta ordura arte ez nuen entzuna. 80. hamarkadako oihartzunak zituen kanta zen, malenkoniatsua, post-punk erakoa, iluna, baina berritua eta gaurkotua era berean (horra hor Etxegoienek, ohiko sofistikazioarekin, aipatu “retrofuturismoa”), salto egitera, txalo egitera eta, finean, desmadrera bultzatzen zaituen kanta hipnotikoa.
Beautiful world zuen izena abestiak, eta ordura arte ez nuen entzuna. 80. hamarkadako oihartzunak zituen kanta zen, malenkoniatsua, post-punk erakoa, iluna, baina berritua eta gaurkotua era berean (horra hor Etxegoienek, ohiko sofistikazioarekin, aipatu “retrofuturismoa”), salto egitera, txalo egitera eta, finean, desmadrera bultzatzen zaituen kanta hipnotikoa.
Beautiful world
amaitzean, Mekara begira belauniko jarri edo aleluia-ka hastera deliberatu
ezinean nenbilela, bigarren kanta bati ekin zioten, gaueko azkenari, aurrez
aipatutako Haunted house-ri.
Exageratzen ari ote naiz kanta
hura gau ero gogoangarri batean ezagututako neskatxa hura berriro ikusi, berriz
heldu, berriz musukatu, eta lehenengo gaueko sentsazio onak biderkatzen direla
sentitzea bezala izan zela esaten badut?
Haunted house Bilbo
Rock-eko katakonbetan jarritako bonba bat izan zen, kexaz eta amorruz beteriko
garrasi bat, mindutako tell me where
you´ve been lelopean kamiseta tarratatzeko gogoz uzten zaituen atzaparkada
basati bat. Nico-ren oihu urratuekin, mugimendu eta dantza psikodelikoekin, mugarik
gabekoa zirudien energiarekin, amaitutako crescendo
izugarri bat. Uauufff!!!
Eta ni, bitartean, demaseko
erakustaldi horren aurrean ezin sinetsirik eta saltoka, jota flipatuta, zoratuta,
aspaldi ez bezala. Talde indartsu eta gazte bat ezagutzeko aukera izateaz
zorioneko.
POST SCRIPTUM
RépondreSupprimerOngi pentsatzen jarrita, abeslariak agian Sonic Youth -eko Kim Gordonen antza handiagoa du Nico-rena baino...
http://exclaim.ca/News/sonic_youths_kim_gordon_blasts_radiohead_model
http://www.youtube.com/watch?v=MXksSXFMA2U