Les années Spoutnik –ek Baru komikigile frantsesaren (Hervé Baruléa benetako
izenez, 1947) lau lan biltzen ditu: Le
penalty (1999), C’est moi le chef
(2000), Bip, bip! (2002), eta Bonconards Têtes-de-lard! (2002). Lorraine
inguruko langile herri batean bizi den 10 urteko Igor-en abenturak ditu ardatz.
1957an dago kokatua, eta nabari da Baru bere saltsan dagoela: inmigranteen
bizitza nolakoa zen kontatzen digu, langile herrietako giroa eta garaiko
haurtzaroa (futbol partidak, kuadrilen arteko borrokak, gezi eta arkuekin
indiotara jolastuz egindako gerrak, mendian gora eta beherako ibilerak, patioko
abenturak…).
Ez zaio bizitasunik eta umorerik falta, eta lau komiki
nahikoak zaizkio langile belaunaldi oso baten heziketa sentimentala
zirriborratzeko, langileen greba eta poliziaren kontrako borrokak eta guzti! De Gaulle-en, partidu komunista indartsu baten, langile
italiarren, Algeriako independentzia gerraren… Frantzia zen hura.
Harrigarriena eta txalogarriena ume baten begirada eta lagunen
arteko hizkuntza azaltzeko Baruk erakutsi duen gaitasuna da. Berrogeita hamar
urte atzerako Frantziara bidaiatzeko txartelik merkeen eta dibertigarriena da Les années Spoutnik hau, dudarik gabe!
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire