lundi 28 novembre 2011

RADIO CLASH-EN GAUR… (VII)


            Gabon entzule!
            Ondo dakit saio hau entzuten duen oro oraindik gerria mugitzeko sasoian dagoela…
            Altxa, bada! Altxa bateriaren kolpearekin batera. Zer egiten duzu oraindik aulkian eserita? Altxa, altxa, altxa!
            Altxa! Izan ere, uhinen bestaldean dagoen zure lagun honek, belarrira hitz egiten dizun honek, dantzara gonbidatzen zaituen honek, beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onena eskaintzen dizun berberak ere, horixe egingo baitu berehala.
            Altxa eta astindu gerri hori, hasi da-eta gaurko saioa! Zuretzat, entzule, Little green bag! Dantza, dantza, dantza!

lundi 7 novembre 2011

RADIO CLASH-EN GAUR… (VI)


            Gabon entzule!
            Berriz ere irratia entzuten harrapatu haut...
            Zoriontsuak, eguraldi zatar honekin, etxeko aterpean zaudetenak, prekupazioak leihoaren bestaldean bustitzen ikusten dituzuenak!
            Nire besarkada lanean zaudetenentzako da, edota barku bihurtu berri den autoan eurijasa zeharkatzen duten marinel ausartentzat.
            Bai, itzuli naiz! Uhinen bestaldeko laguna nauzu, belarrira hitz egingo dizuna, dantzara gonbidatuko zaituena. Beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onenarekin.
            Gaur, saioarekin hasteko, zuretzat entzule, The Fleshtones-en Up-Front maketatik hartutako kanta bat aukeratu dut, Theme from “The Vindicators”.
            Egurra kitar horri! Yeaah! Yeaah! Ongi etorri!

vendredi 4 novembre 2011

DE CARALLO!

Azken asteburuan hasi eta buka irakurri nuen liburu baten inguruan idatziko dut gaur, Manuel Jabois galegoaren “Irse a Madrid”: hilabete dezente pasa ditut liburu batekin hainbeste barre egin gabe!
Tipoa makina da, eta zeharo idazkera arina du: kalekoa, bizia, gaztea. Liburuak El Progreso eta Diario de Pontevedra –n 2009 eta 2011 bitartean argitaratutako artikuluak biltzen ditu gehienbat, eta Kiko Amaten blogari esker izan nuen haren berri.
Eguneroko bizitzako penak, ridikulu apoteosikoak eta hanka-sartzeak umorez janzten dituen autore baten bila zabiltzala? Hemen daukazu behar duzun dosia. Barrabaskeri adoleszente, malabarismo etiliko eta parranda heroikoen faltarik ere ez duzu izango... On egin!

mercredi 2 novembre 2011

RADIO CLASH-EN GAUR… (V)


            Gabon entzule!
            Ihesean dauden horientzat guztientzat. Kartzela, aberria, familia, eskola, lagunak, bikotea edota lana betirako uztea erabaki eta lortu zuten horientzat guztientzat.
            Etxeko atea kaleko aldetik itxi eta euritara maleta batekin atera ziren horientzat, berriro ez itzultzeko asmo irmoarekin. Seme-alabak, hauek lotan zeuden bitartean, muxu emanda agurtu zituenarentzako.
            Zuretzat, entzule. Oroit ezazu: beti izango duzu lagun bat, hemen, uhinen bestaldean, belarrira hitz egingo dizuna, dantzara gonbidatuko zaituena. Beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onenarekin.
            Zuretzat, saioarekin hasteko, Del Shannon-en Runaway! Eutsi gogor eta ongi etorri!

READING AND WRITING (XVIII): MIGUEL DE CERVANTES

Miguel de Cervantes irakurtzen:



Miguel de Cervantes idazten: