mardi 6 décembre 2011

AZKENALDIKO IRAKURKETA BATZUK ZERRENDATZEARREN


            Izenburu erromantikoa du lehenak, Galerna, Iratxe Esnaolaren opera primak. S.S. inizial iluneko hiri turistiko batean girotzen da, eta bost pertsonaia nagusi dituela iruditzen zait: itsasertzeko hotel batean ostatu dauden Nora eta Sebastian Bechener senar-emazte atzerritarrak, Norataz maitemindutako hoteleko nagusia, Sebastianekin affaire bat duen hotleko nagusi honen alaba eta, dudarik gabe, eguraldia. Bai, eguraldia: turista guztiak abuztuko azken egun sargoriei amaiera emango dien galernaren zain baitaude, eta, era batera edo bestera, galernan lehertzen den bero sarkor horrek osatzen baitu liburuko musika. Eta pertsonaiek, askotan, musika horren baitan, bere erritmora, dantzan egiten duten panpinak dirudite…
            Krisi konstantean dauden elementuek (bikoteak, burgesiak eta, era orokorrago batean, gizarte paternalistaren baloreek) osatzen dute nouvelle honen hezurdura; krisian dauden baina, era berean, hain barneratuta dauzkagun elementu horiek pertsonaiengan sortzen duten talka da, muinean, istorioaren motorra. Eta eremu horretan bereziki, idazleak oso gutxirekin asko ematen jakin du: Bechener senar-emazteen banaketa eta Noraren emantzipazioa, gizona eta hoteleko alabaren erlazio post-mirandetarra (galernaren leherketarekin Haur Besoetakoaren eran amaituko zela iruditu zaidana…) eta hoteleko nagusiak Noraganako sentitzen duen erakarpenaren "drama", maitasunez mozorrotu nahi duen erakarpen suizida. Ukitu esperpentiko eta tragikoak dituen nahasketa, zinez.
Hezurdura horren adar batzuetan egon daitekeela iruditzen zait istorioaren ahulune gutxietako bat. Izan ere, Nora izan ezik (nire iritziz, gehien nagusitzen den pertsonaia), gainontzeko pertsonaiak une batzuetan gertu baitaude karikaturatik, bereziki gizonak. Eta efektu hau bilatua denik ez dut ukatuko, baina eskua pixka bat joan egiten zaionaren sentsazioa eduki dut batzuetan: gizonak zeharo matxista, penagarri eta errukigarriak iruditu zaizkit.
            Hala ere, orokorrean, harro egoteko moduko estreinaldia izan da Esnaolarena, nobela labur batek behar duena biltzen jakin baitu: soiltasuna, kritika askatzailea, zorroztasuna eta intentsitatea.
Galerna, aurreikusitako enbataren leherketarekin amaitzen den creccendoa; Galerna, ongi erabakitako kontentzio ariketa.
          Biga: ezetzaren idazleak, Enrique Vila-Matasen Bartleby y compañía liburuaren bidez (azaleko argazki aparta duena bide batez, ispilu bat iruditzen zait, ezin dut burutik kendu). Ezetzaren idazleen Wikipediako artikulu oso bat iruditu zait, alde batetik bestera salto eta klik eginez irakurtzen baita. 
Gure inguruan eragin handia izan duen liburua dudarik gabe: irakurle txokoetan Walser-en obrari edota Kafkaren egunerokoari, adibidez, liburu honek eman dion bultzada esanguratsua izan da. Violet Desvarié, Rulfo edota Melvillen erabaki eta bizitzak dira nire kuttunenak, baina ez idazteko arrazoien bila dabilen irakurlerentzat –halakorik bada- ezintasuna, frakasoa edota, simplemente, ezetza (ne travaillez jamais) biltzen dituen ezinbesteko liburua.


            Higa: Balkanetako gerra (BBC-ren The Death of Yugoslavia dokumental apartaren bitartez) eta Emir Kusturica. Bere filmak (Ijitoen garaia, Underground eta Katu beltza, katu zuria –baina inolaz ere ez, eta kontuz ibili, inolaz ere ez La vida es un milagro; azken hau ez ezazue ikusi, buuuu, inolaz ere ez-), eta bere The no Smoking Orchestraren eta Gora Bregovic-en musika, nola ez:
            Laga: Aita Donostia eta bere Preludios Vascos. Demasié! (lagunek jada harrika egin didate, otoi irakurle, erruki!).
            Boga: komikiak. Komikiak, komikiak eta komikiak. Komikiak! Bai! Arrasateko liburutegiko bilduma apartari errepaso ederra ematen ari natzaio. XX. mende hasierako literatura dinamitatu eta berritu zuten bi idazleen inguruko komikiekin hasi nintzen: lehenak Joyce-ren bizitza du ardatz (Dublinés), eta bigarrenak Kafkaren obra (Kafka for beginners). Biak ala biak oso gomendagarriak dira idazle horien bizitza eta lanari buruz lagunen aurrean pare bat anekdota bota nahi dituenarentzat.

            Art Spiegelman-en Maus da, segur aski, irakurritakoen artean ederrena. Karakterizazioan, sakontasunean eta tratamenduan, primerakoa. Istorio onena, gogorrena eta hobekien kontatua duena. Ziur naiz ezagutzen duzuela, liburu-dendetan-eta ikusita: Maus-en juduak saguak dira, alemanak katuak, amerikarrak txakurrak, poloniarrak zerriak, frantsesak igelak… Komikigilearen aitaren bizitza du ardatz liburuak, II. Mundu Gerran nazien hatzaparretatik behin eta berriz nola ihes egin zuen kontatzen du. Hala ere, liburuak badu, paraleloan, beste ardatz bat, seme komikigilearen eta aitaren arteko erlazioa kontatzen duena alegia, gerrari buruzko elkarrizketen artean nahasten dena. Mundu oso bat sortu du Art Spiegelman-ek, larunbat gauean ere, kaletik itzuleran, besarkatu nahi duzun mundua; nekeak, loak edota goseak gaindi dezakeen mundu bat.
Eta bukatzeko: La vie secrète des jeunes II, asko gustatu zaidan komiki-liburu bat, Charlie Hebdo-ko kolaboratzaile Riaf Sattouf-ena. Orrialde bakoitzean, zortzi bineta eskasetan, Parisko metroan edota kaleetan lapurtutako eszenak ekartzen dizkigu, edozein tesi soziologikoren pisu bera duen gaur egungo gazte frantsesen erradiografia burutuz. Batez ere, eszena askoren gordintasuna da gustatu zaidana, hitzek askotan gordetzen duten biolentzia eta eguneroko bizitzaren baitan lehertzen diren elkarrizketa irrazionalak nola azaleratzen dituen, eta mosaiko zabal honen bidez orokorrean uste dut biltzen jakin izan duela nolabaiteko garaiko gazte paristarren espiritua, horrelakorik baldin bada. 

P.d.: komiki-liburu honen bidez egindako deskubrimentu bat ere ezin utzi aipatu gabe, Cizia Zykë abenturazale eta idazlearena. 80. Hamarkadan “Urrea” izeneko liburua atera zuenetik ezaguna dena, Sudamerika Afrika, Asia, Australia eta munduko mila txoko zeharkatu dituen XIX. mendeko esploratzaileen azken katebegia… Hemen duzue “Apostrophes”-en egin ziotenelkarrizketa.
P.d.(3): datozenak ere ez dira nolanahikoak. Durangoko uztan dudarik gabe gailenduko diren Harkaitz Cano, Koldo Izagirre eta Mikel Antzaren obrak –ordena horretantxe, nire intuizioaren arabera…- eta Xabier Montoiaren disko berria. Eta Shakespeare-ren tragediak, eta On Kixoteren abenturak; denbora nolabait kontsumitu beharra dago, eta azterketen urtarrila beldurgarriki gerturatzen ari den heinean, are gehiago! Ondo ibili!

lundi 28 novembre 2011

RADIO CLASH-EN GAUR… (VII)


            Gabon entzule!
            Ondo dakit saio hau entzuten duen oro oraindik gerria mugitzeko sasoian dagoela…
            Altxa, bada! Altxa bateriaren kolpearekin batera. Zer egiten duzu oraindik aulkian eserita? Altxa, altxa, altxa!
            Altxa! Izan ere, uhinen bestaldean dagoen zure lagun honek, belarrira hitz egiten dizun honek, dantzara gonbidatzen zaituen honek, beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onena eskaintzen dizun berberak ere, horixe egingo baitu berehala.
            Altxa eta astindu gerri hori, hasi da-eta gaurko saioa! Zuretzat, entzule, Little green bag! Dantza, dantza, dantza!

lundi 7 novembre 2011

RADIO CLASH-EN GAUR… (VI)


            Gabon entzule!
            Berriz ere irratia entzuten harrapatu haut...
            Zoriontsuak, eguraldi zatar honekin, etxeko aterpean zaudetenak, prekupazioak leihoaren bestaldean bustitzen ikusten dituzuenak!
            Nire besarkada lanean zaudetenentzako da, edota barku bihurtu berri den autoan eurijasa zeharkatzen duten marinel ausartentzat.
            Bai, itzuli naiz! Uhinen bestaldeko laguna nauzu, belarrira hitz egingo dizuna, dantzara gonbidatuko zaituena. Beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onenarekin.
            Gaur, saioarekin hasteko, zuretzat entzule, The Fleshtones-en Up-Front maketatik hartutako kanta bat aukeratu dut, Theme from “The Vindicators”.
            Egurra kitar horri! Yeaah! Yeaah! Ongi etorri!

vendredi 4 novembre 2011

DE CARALLO!

Azken asteburuan hasi eta buka irakurri nuen liburu baten inguruan idatziko dut gaur, Manuel Jabois galegoaren “Irse a Madrid”: hilabete dezente pasa ditut liburu batekin hainbeste barre egin gabe!
Tipoa makina da, eta zeharo idazkera arina du: kalekoa, bizia, gaztea. Liburuak El Progreso eta Diario de Pontevedra –n 2009 eta 2011 bitartean argitaratutako artikuluak biltzen ditu gehienbat, eta Kiko Amaten blogari esker izan nuen haren berri.
Eguneroko bizitzako penak, ridikulu apoteosikoak eta hanka-sartzeak umorez janzten dituen autore baten bila zabiltzala? Hemen daukazu behar duzun dosia. Barrabaskeri adoleszente, malabarismo etiliko eta parranda heroikoen faltarik ere ez duzu izango... On egin!

mercredi 2 novembre 2011

RADIO CLASH-EN GAUR… (V)


            Gabon entzule!
            Ihesean dauden horientzat guztientzat. Kartzela, aberria, familia, eskola, lagunak, bikotea edota lana betirako uztea erabaki eta lortu zuten horientzat guztientzat.
            Etxeko atea kaleko aldetik itxi eta euritara maleta batekin atera ziren horientzat, berriro ez itzultzeko asmo irmoarekin. Seme-alabak, hauek lotan zeuden bitartean, muxu emanda agurtu zituenarentzako.
            Zuretzat, entzule. Oroit ezazu: beti izango duzu lagun bat, hemen, uhinen bestaldean, belarrira hitz egingo dizuna, dantzara gonbidatuko zaituena. Beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onenarekin.
            Zuretzat, saioarekin hasteko, Del Shannon-en Runaway! Eutsi gogor eta ongi etorri!

READING AND WRITING (XVIII): MIGUEL DE CERVANTES

Miguel de Cervantes irakurtzen:



Miguel de Cervantes idazten:




mercredi 26 octobre 2011

RADIO CLASH-EN GAUR… (IV)


            Gabon entzule!
            Aska zaitez!
            Nagusia putakume galanta dela?
            Egiten duzuna ez zaizula batere gustatzen?
            Lankideak, lagunak baino, zakur amorratuak direla?
            Kokoteraino zaudela goizeko seietan jaiki beharraz?
            Txo, harritzekoa kontrakoa litzateke! Aska zaitez, utzi lana, utzizazu derrepentean!
            Eta jakinzazu: beti izango duzu lagun bat, hemen, uhinen bestaldean, belarrira hitz egingo dizuna, dantzara gonbidatuko zaituena. Beti bezala, betiko orduan, rock´n´roll onenarekin.
            Gaur, saioarekin hasteko, zuretzat entzule, Lee Dorsey-en Working on a coalmine! Animo eta ongi etorri!